You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Erakusketa

2017(e)ko azaroak 10 – 2018(e)ko otsailak 25

2012an Museoak antolatu zuen paisaia-erakusketa ikaragarri eta arrakastatsuaren ondoren, artistak alde batera utzi zuen pintura, bere jaioterri Yorkshire-etik urrundu, eta Los Ángelesera itzuli zen. Han, pixkanaka-pixkanaka, erretratuak eskatzen duen kontenplazio patxadatsuan barneratzen joan zen, eta bere estudio-burua pintatuz ekin zion berriz erretratuari. Hurrengo hilabeteetan zehar genero horretan erabat murgildu zen, eta estratu sozial ezberdinetako pertsonak gonbidatzen hasi zen tailerrean harentzat posatzeko: lagunak, familiakoak eta ezagunak, estudioko langileak, komisarioak, beste artistak, curator eta galeristak.

Denboraldi horretan egindako koadro guztiak tamaina berdinekoak dira, modelo bakoitza aulki berean agertzen da, urdin kolore dirdiratsuarekin atzean, eta denak hiru egunetan margotu ziren. Pinturarekin duen maisutasunari esker, pertsona ezberdinak mihisetik ateratzeko itxura dute, berehalakotasun beroarekin. Erakusketa honetan, David Hockney-k egin berri dituen erretratuak aurkeztuko dira: indar sortzaile berrituarekin eginda daude, eta Los Angelesko artearen munduko eta artistaren bidean azken urteetan gurutzatutako jendearen irudi intimoa eskaintzen dute.

Londresko Royal Academy of Arts-ek antolatutako erakusketa, Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan.


Margaret Hockney, 2015eko abuztuak 14, 15, 16

David Hockney-k hiru anaia eta ahizpa bat ditu, eta denek oso harreman estua dute. Davidek beti izan du lotura berezia Margaret ahizparekin. Erretiratuta dagoen erizaina da, eta behin baina gehiagotan margotu du azken urteetan zehar, biak Bridlington-en batera egoten zirenean, artistak Yorkshireko paisaiak lantzen zituen garaian. Margaret Los Angeles hirira joan zen iaz Pauline Ling lagunarekin, eta azken hori ere margotu zuen pintoreak.

“Margaretek oso gustuko du anaiarekin egotea eta haren arreta-gunea izatea margotzen duen hiru egun horietan zehar. Erretratuan ikus daiteke benetan zenbateraino gustatzen zaion anaiarekin egotea. Anaiari anaiak berak begiratzen dion bezainbeste begiratzen dio”. Edith Devaney

John Baldessari, 2013ko abenduak 13, 16

John Baldessari artista kontzeptuala Kalifornian jaio zen eta bertan ikasi zuen. Mendebaldeko Kostako sortzaile garaikide ospetsuenetarikoa da aspalditik. Hockney baino zenbait urte gehiago ditu, eta duela hainbat hamarkada dira lagunak.

“Hanka luze-luzeak eta oso argalak ditu, eta ikaragarrizko esku horiek oso ondo margotuta daude hemen. John-en altuera itzelaren eta haren presentziaren ideia on bat ematen du; benetako presentzia du”. Edith Devaney

Celia Birtwell, 2015eko abuztuak 31, irailak 1, 2

Hirurogeiko hamarkadan ezagutzera eman zenetik, Celia Birtwell ehun diseinatzailea Hockney-ren lagun onenetarikoa izan da. Bera eta haren lehengo senarra, Ossie Clark moda sortzailea, Clark jaun-andreak eta Percy (Mr and Mrs Clark and Percy, 1970–71; Tate) erretratu bikoitz ospetsuko protagonistak izan ziren, eta, une hartatik aurrera, Hockneyren emakume-modelo ohikoena izatera iritsi zen. Margolaria bere estudioan bisitatzera joan zenean 2015eko udan, Andy Palmer senarrarekin eta Isabelle Clark bilobarekin joan zen, eta horien erretratuak ere erakusketan ikus daitezke.

Rufus Hale, 2015eko azaroak 23, 24, 25

Britainiako Tacita Dean artista denbora batez Los Angelesen egon zen 2015. urtean, Getty Institute zentroan ikertzen. Hockney bisitatu zuen, eta, beranduago, filmatu egin zuen, bere baitan bildurik erretzen ari zela,  Retratos (Portraits, 2016) obrarako. Dean hamaika urteko Rufus semearekin joan zen Hockney-ren estudiora. Hockney bere buruaz oroitu zen adin hori zuela, eta margotu beharra sentitu zuen. Rufus modelo bikaina izan zen, eta oso serio hartu zuen prozesu osoa.

“Bat-bateko zerbait izan zen; ni nire eguneroko arroparekin nengoen, oso ohikoa ez dela egia izan arren: trajea eta gorbata. Margotuko ninduela deus ere ez nekienez, ez nuen arropa berezirik jantzi. Tweed txalekoa dut, gorbata gorria, praka urdin ilunak, alkandora zuria eta janzteko zapatak”. Rufus Hale

Edith Devaney, 2016ko otsailak 11, 12, 13

“Bi alditan margotu ninduen: lehen aldiz 2015eko irailean eta, ondoren, 2016ko otsailean; erakusketan azken erretratua ageri da”.  

Ilea biltzeko bakarrik eskatu zidan; lehen erretratuaren erdi aldera, Hockney-k erabaki zuen horrela irudia hobeto geratuko zela. Modelo femenino asko okasiorako jantzi zirenez, nik, kontrajartze aldera, arropa informalagoarekin joatea erabaki nuen. Prozesuaren lehen zatia, beharbada biziena, Hockney-k jada inprimaturiko oihalaren gainean zuzenean egindako ikatz-marrazkia izan zen. Buruaren, gorputzaren eta aulkiaren profila definitzen zuen, "posea finkatzeko" bezala, ikusten zuena margotzen zuela esanaz, eta ziur zegoela dena ikusten zuela. Begirada arakatzailea eta kontzentratua apartekoa zen, eta burua etengabe mugitzen zuen oihaletik modelora”. 

“Behin marrazkia amaituta, margotzen hasi zen. Erretratu guztiak pintura akrilikoarekin egin zituen, Hockney-k hogei urtetan erabili gabekoa. Lehen pinturak egin ondoren, gel gehiago zuen marka erabiltzen hasi zen, luzaroan heze egoten dena. Horri esker, hiru egunetan zehar, aurpegiei beste ñabardura batzuk gehitzeko aukera zuen”. Edith Devaney

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean