You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Foto sabias que

David Hockney painting Barry Humphries, Los Angeles, 27th March 2015
© David Hockney. Photo Credit: Jean-Pierre Gonçalves de Lima

Ba al zenekien...?

David Hockney: 82 erretratu eta natura hil 1 lanerako diseinaturiko In Focus proiektuaren online atalean, erretratuak artistaren ibilbide osoan zehar izandako garrantzia nahiz haren sormen-prozesuaren zenbait gako aztertzen dira: erretratatzen dituen pertsonekiko lotura emozionaletik hasi, eta bere lanak gauzatzeko erabili dituen baliabide eta aurrerapen teknologikoetaraino; hala nola, camera lucida, argazki analogikoa, inprimagailua edo iPad-ak. 

Hockney eta erretratua

“Gainerakoek liluratu egiten naute, eta pertsona ororen alderdirik interesgarriena —pertsona baten baitarako sarbidea— aurpegia da. Aurpegiak dena esaten du.” David Hockney

Hockney (Bradford, Erresuma Batua, 1937) beti egon da figurazio-pinturarekin konprometituta, eta XX. mendearen bigarren erdian arrakasta handirik ez zuten genero artistikoak landu ditu, hala nola, paisaia edo erretratua. Bere ibilbide luzea Ingalaterra eta AEBen artean garatu da, eta horretan zehar, Hockneyk sarritan jo du erretratura bere lagun-taldea irudikatzeko; izan ere, bere uste sendoa da, artistak modeloa gero eta hobeto ezagutu, are eta hobeagoa dela erretratua.

Bere jakin-min eta esperimentazio-grinak gidatuta, hainbat estilo eta teknika baliatu ditu. Bradford School of Art eskolako ikasle zela (1953–57) egindako olio-pinturetan bere familiako kideak agertzen dira, bai eta hiri-paisaiak eta estudioko irudiak ere. Geroago, 1961 eta 1963 artean, New Yorkera egindako lehen bidaia kontatu zuen Libertinoaren aurrerabidea deitutako sailean; 16 grabatuk osatutako multzoa zen, eta erreferentzia sexualak agertzen ziren bertan. 1960ko hamarkadaren erdialdean, Los Angelesen hasi zen lanean, eta hamaika aldiz erretratatu zuen Peter Schlesinger, bost urtean zehar bikote eta modelo gustukoen izango zuena; horretarako, hainbat teknika baliatu zituen: arkatza, luma, pastela edo margo akrilikoa. Estatu Batuetako mendebaldeko kostako argiak zeharo liluratu eta bere lanak bete zituen. 1970 eta 1980ko hamarkadetan oso gertuko pertsonak margotu zituen: gurasoak, Celia Birtwell diseinatzailea edo orduko bikotekide Gregory Evans; garai hartan, pinturaz gain argazki-collageak egin zituen, Picassoren eta zatikapen kubistaren eraginpean eta hainbat ikuspuntu baliatuta. Bestalde, pinturako maisu handiek erabili ahal izan zituzten tresna optikoen inguruko ikerketak bildu zituen The Secret Knowledge (Ezagutza ezkutua) liburuan; lan horrek akuilatuta, 1999 eta 2002 urteen artean 280 erretratu gauzatu zituen camera lucidaren laguntzaz: tresna hori lente batez eta ispilu batez osatuta dago, eta William Hyde Wollaston-ek patentatu zuen 1807an; horren bidez, modu fidagarrian irudikatu ahal izan zituen modeloak, haiek pertsonalki ezagutzen ez zituenean ere. 2009an, berriz ere, Ingalaterrako landa-paisaien sail baten sorreran murgilduta zegoen arren, hainbat langileren erretratuak egin zituen baliabide berriak erabilita: hala nola, Photoshop eta Graphics Tablet programak. Hala, Hockney behin eta berriro itzultzen da genero berberera eta sakontasunez berrinterpretatzen du, aurrerapen teknologikoen eta gai horretan egindako ikerketen arabera.

Margotu gabe aldi bat eman ondoren, 2013an David Hockneyk atzera pintzela hartzeko beharra sentitu zuen, bere estudio-buru Jean-Pierre Gonçalves de Lima-ren erretratua egiteko. Bizitzaren hauskortasunaren inguruan gogoeta egiten duen lana da emaitza, eta erakusketa honetako erretratu-bildumaren hasiera izan zen. Guztiak burutu ziren formula honi jarraiki: modeloek 20 ordu eman zituzten posatzen, 3 eguneko saioetan, margolariaren estudioan; denak zeuden aulki batean eserita, oholtza txiki baten gainean, gortina urdin baten aurrean. Britainiar erretratuaren tradizioa ezin hobe ezagutzen du artistak, eta antzinako maisuak izan ditu inspirazio iturri, bere hurbileko jendearen bizi-muina agerrarazteko asmoz gauzatutako lan hau sortzeko.

Jarduerak

Partekatutako hausnarketak hockney

Partekatutako hausnarketak

Ezagutu David Hockney 82 erretratu eta natura hil 1 erakusketa, muntaketaren zokoak eta bestelako bitxikeriak, Museoko profesionalek egindako bisitaldi berezi hauetan.

Arte arduradunen ikuspegia
Azaroak 15, asteazkena: Petra Joos, erakusketaren komisarioa.

Kontzeptu nagusiak
Azaroak 22, asteazkena: Marta Arzak, Hezkuntzako eta Interpretazioko zuzendariordea.

*Babeslea: Fundación Vizcaína Aguirre fundazioa.

Informazio gehiago

Baliabideak

Erretratu sekretua

Erretratu sekretua - Expres bisitak

Erakusketari buruzko bisitaldi laburretan parte hartzen baduzu, seriearen inguruko funtsezko ideiak aurkitu ahal izango dituzu; gainera, jolasa ikasteko tresna bezala erabilita, gainerako parte-hartzaileek egindako galderen bitartez, taldeko kide ezberdinek fisikoki eta psikologikoki deskribaturiko pertsonaien identitatea ezagutuko dugu. Taldearen parte-hartzeari esker sortutako erretratu birtualak, hizkuntzaren erabilera eta memoria-mota ezberdinak (ikusmena eta/edo entzumena) bultzatuta.
David Hockney 82 erretratu eta natura hil 1 erakusketarako doako bisiten ordutegia eta hizkuntza kontsultatzeko, jo ezazu Museoko Informazio-mahaira. Plazak mugatuak dira (gehienez 20 pertsona, aldez aurretik erreserba egin gabe eta iristen diren ordenaren arabera). Doako jarduera Museora sartzeko eguneko sarrerarekin. Iraupena: 30 minutu. Elkargunea: Atrioa.

Informazio gehiago

Entzuteko gida eta egokitutako gidak

Entzuteko gida eta egokitutako gidak

Museoko sarrerarekin batera entzuteko gida eskainiko dizute. Horren bidez erakusketa bakoitzeko artelanei buruzko informazio zabalagoa izango duzu.

Informazio-gunean eskatu entzumen, ikusmen edo/eta adimen urritasunak dituzten pertsonentzako audio/bideo gidak.


Informazio gehiago

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean